Hamar plan eder
Dena eskura, Abaraxkatik. Gipuzkoaren erdian egoteak inguruko altxorrak bisitatzeko aukera paregabea eskaintzen du, batzuk bertan, Azkoitian, besteak eskualdean edo inguruan. Azkoititik hasiko gara.
IRAGANERA BIDAIA
Iraganera tren-bidaia
Gure eskualdeak denboran atzera egiteko aukera eskaintzen du, puntu baten baino gehiagotan. Hauetako bat Azpeitian kokatua dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa da. Museoa bera ikusteaz gain, garai bateko baporezko tren batean Lasaoraino joateko aukera eskaintzen da. Zati honetan bakarrik mantendu da trenbidea. Bost kilometro dira, eta udaberrian eta uda partean egin daiteke, batez ere asteburuetan.
Eta Iñaki Sareren lan zoragarri hau:
Denborarekin jolasean Euskal Tren Museoan
Informazio guztia eskainiko dizuegu Aterpetxean, eta museoaren webgunean sar zaitezkete, jakina:
EKAINGO KOBAZULOA
Gizateriaren Ondarea
Ekaingo kobazuloa Zestoatik kilometro pasatxora dago. Eta, pixka bat lehenago, Ekainberri izeneko erreplika bikaina. Hau da ikusi ahalko duzuena, kobazuloan ezin baitira bisitariak sartu (Altamiran eta beste leku askotan gertatzen den antzera, jatorrizko margoak izorratu ez daitezen). Ekaingoko kobazuloaren altxorrik garrantzitsuena (baina ez bakarra) Goi Paleolitiko zaldien irudiak dira. Kuaternarioko zaldi iruditegirik garrantzitsuena da Ekaingoa. UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen 2008. urtean.
Erreplika benetan zoragarria da. Jatorrizkoan sentitzen dena sentituko duzue Ekainberrin, birsorkuntzaren kalitateagatik, gidarien maila bikainagatik, detaile guztiengatik: soinuak, tenperatura (fresko mantentzen dute erreplika ere, jatorrizkoaren sentsazioak sortzeko; udan bazoazte gainetik zerbait janztea komeni da, beraz), argitasuna (argitasun falta esan beharko genuke, nahiz eta hau, konturatuko zaretenez, erlatiboa den …
Ohartuko zinaten honez gero: Ekainberrira joatea gomendatzen dizuegu, biziki gomendatu ere.
Pare bat kontu edo pista, joan aurretik:
Ezin da autoz joan bertaraino (pertsona nagusiek edo behar bereziak dituztenek bai, baina gainerakoentzat debekatua dago), Zestoan dago parkina eta paseotxoa oso polita da, ibaia zeharkatu, Lili jauregi elegantea pasa eta gero natura ederrean minutu batzuk gehiago. Erraza eta polita da ibilbidea, 25 minutu eskas guztira. Zestoara busez, kotxez edo bizikletaz iritsi zaitezkete, Bide Berdea segituz (azken aukera hau gomendatzen dizuegu, nahi izanez gero. 14 km dira eta ibilbidea erraza da).
Bisita guztiak gidatuak dira. Geure kabuz ezin gaitezke sartu erreplikan; bisita gidatua “esperientzia” bat da.
Sarrerak Zestoan hartu behar dira, Ekainberriren Informazio Bulegoan (Portale kalea, 9). Bisita ordua baino 30 minutu lehenago jaso behar dira sarrerak, gutxienez 30 minutu lehenago.
Hau dena eta askoz gehiago aurkituko duzue, jakina, eta Aterpetxean ere informazio gehiago emango dizuegu.
OÑATITIK ARANTZAZURA
Legazpitik barrena (erleak eta burdina).
Ibilbide honek, proposatzen dizuegun plan honek, Abaraxkatik atera eta Legazpi aldera eramango gaitu lehenengo, asko gustatzen zaizkigun bi museo baitaude bertan: burdinari dedikatua bata (Mirandaola), eta erleei bestea Aikur.
Legazpitik gora, Oñati aldera, bidea eta ikuspegia ederrak dira benetan. Seguru gaude gustatuko zaizkizuela, Oñati bera gustatuko zaizuen bezalaxe. Datu bat bakarrik: 1540ean sortutako Unibertsitatea du Oñatik.
Eta Oñatitik Arantzazura 10 bat kilometro daude, paraje zoragarri batean gora eginez.
Erdibidean, hala ere, egin nahi dizuegun beste proposamen bat dago, Arrikrutz-eko kobazulo galanta eta ikusgarria. Ekaingo kobarekin zerikusi gutxi du honek, baina hau ere liluragarria da. Iristeko bideska ere ederra du, ehunka urte izango dituzte gaztainondoen artean.
Ekainberrira pixka bat abrigatuta joateko gomendatu dizuegun bezala, Arrikrutzera ondo abrigatuta joateko eskatuko dizuegu, mendian oso barrura sartuko baikara.
Eta Arantzazu beste pelikula bat da, duen esanahi erlijiosotik aparte (frantziskotarren santutegia da eta Arantzazuko ama birjina gurtzen da bertan): lekuagatik, paisaiagatik, arkitekturagatik, euskal kulturaren historia izateagatik… XX. mendeko euskal artistarik handienak bildu ziren bertan, eta sekulako altxorra utzi zuten: Oteiza, Chillida eta Basterretxea. Orain dela urte batzuk ETBk egindako bideo eder bat uzten dizuegu hemen:
ZUMAIA ETA ZARAUTZ ARTEAN
Zumaia-Zarautz ibilbidea
Azkoitiko igerilekuetatik haratago, itsasoan bainatu nahi izanez gero, proposamen honek horretarako aukera ere emango dizue. Abaraxkatik 20 minutu pasatxora dago Zumaia, eta ibilbide osoan Zumaia eta Zarautz artean mugituko gara, kilometro gutxiren barruan beraz, tartean Getaria dela.
De Zumaia bi aukera apartatu ditugu zuentzat: bat ebidentea, eta bestea ez hainbeste. Azkenekoarekin hasiko gara: Ignacio Zuloaga margolari handiaren Gune Kulturala, Zuloaga Museoa alegia, Santiagoko hondartzaren ondoan, XV. mendeko baseliza baten eta Santiagoko Bidearen erromesen ostatu baten gainean eraikia.
Aukerarik agerikoena Geoparkea da. Baliteke jende dezente aurkitzea bertan, baina ez zarete damutuko, kategorikoa da. Geologia da hemen protagonista eta erregin absolutua Flysch-a. Lur planetaren historiaren 60 milioi urte daude itsaslabar geruza hauetan. Geruza hori da Flysch izenarekin ezagutzen dena, eta munduan leku gutxi daude horrelakoak. Flyschak kostako13 kilometro hartzen ditu, Zumaia eta Deba artean. Itsasuntziz ere bisitatu daiteke.
Eta maila pixka bat baduzue, eraman surfeko taula, eta gozatu herriko hondartzan, Itzurunen, itsaslabarren erreinuan (bertako surflariei kasu egin, badaezpada).
Zumaiako mapa turistikoa hemen.
Zarautz aldera hartuta, kostako errepide panoramikoa jarraituz, beste egitura geologiko bitxi bat ikusiko duzue lehendabizi, Getaria bera ikusi baino lehenago: Getariako Arratoia (San Anton mendia, berez, erdiuhartea). XV. mende arte uhartea izan zen, istmo artifizial baten bitartez herriari “lotuta” gelditu zen arte. San Anton mendiko itsasargitik ematen zuten baleen edo ekaitzen etorreraren berri. Zumaia eta Zarautz artean 12 km eskas daude, eta Getaria justu erdian dago.
Getaria txakolina eta txingarretan egindako arrain goxoak bainoa askoz gehiago da. Juan Sebastian Elkanoren jaioterria da, orain dela 5 mende Lurrari lehenengo buelta osoa eman ziona. Eta, gainera, Balenciaga-ren herria da, jostun bati mundu osoan eskainitako lehenengo museo eta guzti.
Eta, itsasertza jarraituz, Zarautz. Malekoia deskubritu, puntatik puntara, Narros Jauregitik Dunetako Pasarelaraino, gozatu hondartzari begira dauden artelanekin eta terrazekin, edota Argiñanoren hotel-jatetxearekin. Bainu bat hartu, surfeko ikastaro batean izena eman…
Pixka bat ibili nahiko bazenute, malekoitik haratago, gomendio-proposamen bat: Getaria eta Zarautz artean dagoen ibilbide zirkular bat egin, 10 kilometrotan itsasertza, zelaiak, basoak eta mahastiak zeharkatzen dituena: Recorridos a pie: Atalayas Getaria – Zarautz.
Dena Abaraxkatik gertu, baina zaratarik eta jende-pilaketarik gabe: Zumaia 20 minutura dago autoz, eta Zarautz ere bai, autobidea hartuz.
Como recomendación, os adjuntamos información completa con estos dos links sobre un precioso recorrido circular de cerca de 10 km entre Getaria y Zarautz, entre las colinas de prados, bosque y viñedos y el mar:
Todo esto a tiro de piedra de Abaraxka. Zumaia está a poco más de 20 minutos en coche, y Zarautz también, tomando la autopista.
BARANDIARAREN ARRASTOA
Dolmenen ibilbidea
Juan Bautista Mendizabalen esanetan, Azkoitian mitologia oso bizirik dago oraindik ere. XVI. mendetik hona konjuruen kronikak edo idatziak daude, uzta edo osasun ona izateko, ekaitzen aurka… Azken kontu honi buruz, esate baterako, Azkoitian lainoen konjuratzailearen figura existitzen zela gogoratzen digu Mendizabal historialariak. XIX. menderarte naturaren indarrei babesa eskatzen zitzaien herri honetan.
Aita Barandiaranek berak esana eta idatzia da, adibidez, Anbotoko Dama suzko bola bat bihurtuta mugitzen zela Anbototik Izarraitzera, Marikutz izeneko potzu edo urmaelaren gainetik pasatuz (urmael natural oso-oso gutxi gelditzen dira Gipuzkoan, eta hauetako bat da Marikutzekoa). Urmael txiki honen azpian (eskuz botatako harri batekin luzetaka zeharkatu ezin daitekeena) gordeta dauka Marik altxor bat. Mari Maiu dragoiarekin elkartzen zen ostiraletan eta handik sortzen ziren ekaitzak. Baldatxo izeneko baserrira jeisten ere ikusi izan zuten Mari, kanposantutik gertu, Juingo Dorretxe aldera zihoala. Emakume luzea zen, argi-koroia edo aureola argiztatzen zuen ilargia buru gainean zuela.
Baina, mitologiatik haratago, Joxe Miel Barandiarani zor diogu inguru honetako ia megalito guztiak aurkitu izana: trikuharriak, tumuluak… Izarraitzen, Elosumendin eta Samiñon ibili zen Aita Barandiaran 1920an eta 1921ean. Interes berezikoa da Irukurutzetako gune edo aztarnategi megalitikoa. Irukurutzeta Urola eta Deba ibaien artean altxatzen den mendia da. 19 megalito daude katalogatuta bertan, Gipuzkoan dagoen multzorik garrantzitsuenetakoa. Argazkiak eta deskripzio laburrak hemen.
Arribiribileta monolitoa edo jentilharria nabarmentzeko modukoa da (3,5 metroko altuera du), eta baita Irukurutzetako Dolmena, ere (Dolmen de Irukurutzeta), Gipuzkoan aurkitu direnen artean handienetarikoa eta bidaia birtual honen protagonista ere (Dolmen de Irukurutzeta), Gipuzkoan aurkitu direnen artean handienetarikoa eta bidaia birtual honen protagonista.
Proposatzen dizuegun ibilbidea Santutxuko Ermitan hasten da, Azkoitiako partean, Elosu izeneko auzoaren gainkaldean (15 bat minutu autoz Azkoititik). Ibilbide zirkularra da eta nahiko erraza, nahiz eta gora eta behera dezente ibili behar den. 11 kilometro guztira, 615 metrotan hasi eta gehienez 897 metrora igoz.
100% BASQUE EXPERIENCE
Benetako Gipuzkoa ezagutu nahi?
Hemen bertan duzu, gure bailaran. Azkoitia inguratuz dauden auzo txikiak aipa genitzake (Abaraxkan hasten den Kukuerri, edo Urrategi, Madariaga…), zalantzarik gabe Errezilera eta bere bailara naturalera joateko gomendatu zaitzakegu, baina bederatzigarren plan honetan Beizama aldera eramango zaitugu, handik Nuarbera (Matxinbentaraino joateko aukerarekin) eta gero Azpeitira, Azkoitira itzuli aurretik. Ostiraleko proposamena da, Azpeitian ostiraletan egiten baita azoka. Plan honetan, bertako baserriren bat ere ezagutu dezakezu.
AZKOITIAN BERTAN
Artea kalean
Euskal Kulturaren izen handiak (Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida) eta Azkoitiko artista konsagratuak (Sebas Larrañaga, Udane Juaristi, Gorka Larrañaga eta Iñigo Borda; azken honek Abaraxkako Aretoan dagoen mural ederra egin zuen, erleei eta erlezaintzari dedikatua). Aspaldi kokatutako artelanetatik azken obretara, Juaristik eta Larrañagak herriko sarrera batean egin berri dituzten bi mural erraldoiekin (Azkoitiak laister 700 urte beteko dituela oroitzeko edo ospatzeko enkargatuak). Pixka bat denetik aurkituko duzue Urola Turism-n orrialde honetan Azkoitiko hiribilduari buruzko informazio interesgarria aurkituko duzue.
Atal honekin bukatzeko, Matadeixe erakusten dizuegu, argazki baten bidez, gure bailaran -eta Euskal Herrian, esango genuke- dagoen kultura zentrorik bizienetakoa eta orijinaletako bat: Matadeixe.
241 ESKAILERA
Arroka, itsasoa eta haizea
“Dragonstone” piraten, akelarreen eta kondairen erreinu izan zen goitizen horrekin mundu mailan ezagun bihurtu baino askoz lehenago. Gurean ezaguna zen, jakina, baina ez horrenbeste, ez hain apreziatua, behinik behin. Orain “miraririk bozkatuena” eta “baloratuena” izatea ez da kasualitatea. Lehengaia hor zegoela, alegia (eta zoragarria!), baina “Game of Thrones” telesaila iritsi izan ez balitz ez zukeen horrelako osperik izango mundu zabalean. Joaten zaretenean, ez ahaztu baselizako kanpaia hiru aldiz jotzea, zorte ona erakartzeko eta izpiritu txarrak uxatzeko .
Abaraxkatik ordubete pasatxora dago Gaztelugatxe (orain arte ez dugu aipatu ere egin bere izena, baina lehenengo hitzetik jakingo zenuten zertaz ari ginen, ezta?).
ABARAXKA GAINETIK EGAN
Parapentez Izarraitz edo Samiño
Haize egokiarekin, ohikoa da parapenteak ikustea Izarraitz eta Loiola aldera begiratuz gero (bideoa). Gurean aireratzeko bi puntu daude: Izarraiztik ezagunena, haizeak hegotik jotzen duenean, eta Samiño aldetik mendi-hegal hegaldia egiteko ipar haizearekin, laino artean, inguru gorde eta zoragarrian (bigarren bideoa neguaren amaieran dago hartua, Samiño gainetik.
MENDIKO BOTAK JANTZITA
Abaraxkatik oinez mendi buelta emateko prest.
Abaraxka mendiz inguratuta dago, eta inguruko guztietara (Izarraitz, Irukurutzeta eta Samino) joan zaitezke Aterpetxetik bertatik abiatuta.
Xabier Beristain Aizpururen baimenez (azkoitiarra, geografoa eta irakaslea bera), Izarraitz aurkezten dizuegu. 2013an Babes Bereziko Gune izendatua izan zen mendilerro hau. Edozein aldetik igo daiteke Izarraitzera, Azkoititik behetik edo Attolaraino autoz joanda, Azpeititik, Zestoatik… baina, gaur, Izarraitzeko Bira (IB) proposatuko dizuegu, ibilbide zirkularra eta balizatua, goiko gainetara igo gabe mendikateari buelta osoa ematen diona: Urola Turismotik hartuta, Izarraitzeko Bira PDF.
Detaile txiki bat: Izarraitz barruan dagoen marmola Loiolako Eliza egiteko erabili zen. Horren astarnarik deigarriena mendiaren erdialdera ikusten den harrobia da, gaur egun eskalada gune eder bat dena. Sekulako ikusmira dago bertatik.
Mendi gainera joanez gero, gainera, Xoxoteko Aterpea aurkituko duzu, trago bat eta mokadu bat hartzeko, San Inazioren estatua erraldoia baino pixka bat lehenago. Hiru gain nabarmentzen dira Izarraitzen: Kakute (942 m), Xoxote (899) eta Erlo (1.030).
Jakina, mendi-ibilbide eder asko dago Azkoitian, Izarraiztik aparte. Abaraxkaren eta Kukuerri bailara txikiaren gainean altxatzen den Samiño-Izazpi mendilerroa da aukera superinteresgarri hoietako bat, eta bestea Irukurutzeta-Elosumendi. Izarraitzen antzera, mila metro ingururarte altxatzen dira bi hauek ere.