Urriaren 16an eta 17an Karateko Estatuko Ligaren bigarren fasea iritsiko da Azkoitira. Lorpen ikaragarria da Azkoitia bezalako herri txiki batentzat, eta Juan Murillori eta Anaitasuna Kanku Eskolari zor diogu. Karateren munduan, gurean Donostiak eta Bilbok bakarrik lortu dute horrelako zerbait orain arte, eta horrek asko esan nahi du.
Urteak daramatza Kanku-ko zuzendariak honen atzetik. 500 lehiakide eta ehunka tekniko eta senide edo laguntzaile iritsiko dira Azkoitira, Zubiaurre Polikiroldegira. Horietako batzuk Abaraxkan izango ditugu, eta gainerakoak herriko eta inguruetako alojamenduetan. Ekimenak inpaktu handia edukiko du gure inguruan, eta ez kirolaren ikuspegitik bakarrik.
Juan Murillok sekulako lana egin du urte hauetan. Hasiera konplikatua izan zen, gogorra egun askotan, karate ez zelako batere ezaguna gure artean eta kasu askotan, pilotarekin eta batez ere futbolarekin egin behar izaten zuelako “lehia” gazteak eskolan mantentzeko orduan.
Halare, ehunka eta ehunka gazte pasa dira bere eskolatik, eta herriko neska mutil asko formatu ditu, defentsa pertsonalean eta karate-do diziplinak berezkoak dituen baloreetan. Eta berarekin batera, hasieratik, Rita Juaristitik.
Orain dela egun gutxi hitz egin genuen Juanekin berarekin eta aipatu zigun gauza bat grabatua geratu zitzaigun: “Zuen ondorio bat gara gu”. 30 urte hauetan Kankura seme-alabak eraman dituzten gurasoei buruz ari zen. Komunitate bat sortu da Kankuren inguruan. Eskolak, Juanek, ez baitu bakarrik kirol diziplina bat erakutsi; karate-do arte martzial bat baino gehiago da, kontzeptu bat, eguneroko bizitzan oreka bilatzen duen filosofia bat, zintzotasunean, errespetuan, ohorean, diziplinan, norberaren kontrolean edota adiskidetasunean oinarrituta. Horretan saiatu da, behinik behin, Kankuko zuzendaria. Anaitasuna Kanku Eskolako webgunean ederki dator azalduta: http://www.anaitasunakankueskola.com/web/index.php?option=com_content&view=article&id=52&Itemid=64
Bere ibilbideak ere erakusten du hori, sekulako maila du karaten (5. dan-a da karaten eta 3. dan-a Goshin-en) edota Tai Chi Chuan-en eta Chi Kung-en (bi hauei buruzko azalpen laburra ere aurkituko duzue webgunean). Tai Chi Chuan eta Chi Kung txinatar medikuntza tradizionalarekin lotzen edo elkartzen dira baita, eta honetan ere (akupunturan edo terapia naturaletan, esate baterako) trebatu da Murillo.
Karate-Do autodefentsara bideratutako diziplina bat da. Armarik gabe exekutatzen da, esku hutsik. “Esku hutsaren bidea” bezala definitzen da. Arauak eta filosofia elkartzen ditu arte martzial honek; kirola da eta forman mantenduko zaitu, baina bizitzeko era bat ere bada, gorputza, burua eta izpirituaren arteko oreka bilatzen duen bizitzeko era bat, entrenamenduaren bitartez izaera garatzen laguntzen duelarik. Karate bizitza osorako jarduera da.
Herriak eta herritarrek, jakina, asko eman diote berari, baina ekimen honekin, Udalaren laguntzarekin, herriari gauza handi bat itzuli diola esan genezake.
Zorionak Juan Murillori eta Anaitasuna Kanku Eskolako kide guztioi Abaraxkako lantaldearen partez.