facebook abaraxkahostel
Abaraxka albisteak

Paisaiaz eta faunaz gozatzeko leku ederra da Abaraxka. Zuhaitzei begira jarriz gero, pagoak eta haritzak aipa genitzake, pinu landaketekin batera. Baso mistoetan, urkiak eta gaztainondoak ere aurkituko dituzue han eta hemen, lizarrak edota akaziekin batera, eta goialdeetan laritz edo alertze landaketak ere bai. Izarraitzen balio handiko pagadi bat dago, Marikutzeko Potzu ingurutik Kakuetako gurutzetik haratago doana, kare-haitzen eta zuloguneen artean. Horregatik eta beste arrazoi batzurengatik (besteak beste antzandobi-kaskagorriaren -buruhaundia izenarekin ezagutzen duguna gure bailaratxoan-, zapelatz liztorjalearen eta arrano sugezalearen presentziagatik). Eta, animaliei erreparatzen badiegu, gehienbat lumadunak aipatu behar ditugu, baina ez hauek bakarrik.

Aurtengo parteko hiru ezuste eder aipatu nahi dizkizuegu lehenengo, Urola alde honetan gutxitan ikusten diren horietakoak: hiru zisne txuri aterpetxxearen gain-gainean, flamenko talde bat ekialdeko pagadiaren gainetik pasatzen eta sai txuri bat.

Urria-azaroa Abaraxka leku zoragarria da txori eta hegaztien udazkeneko pasea ikusteko. Pago-uso talde ikaragarriak, milaka eta milaka txori, gaztela-zozoak eta kalandrak, birigarro txikiak eta durdulak, antzarak eta kurriloak

Miru beltzak ez dira Piriniotan bezala pasatzen hemendik, multzo ikaragarrietan, baina miru gorriak (zapelatzak, arrano txikiak eta belatzak bezala) etengabe ikus daitezke egun batzuetan, eta berez urte osoan zehar. Aztorea Abaraxka atzeko zuhaitzen artean ehizean ikusi izan dugu, baita gabiraia ere, tortolak ehizatzen, eta ez da xelebrea peregrinoren bat (belatz handia) edota alkotana (zuhaitz-belatza) ikustea, azken hauek sorbeltzekin (katakekin) indarrak neurtzen, edo sorbeltzak ehizatzen, beste inork egin ez dezakeena. Hegaldi jarraituan dagoen bizidunik azkarrena da. Belatz handiak abiadura handiagoa harrapa dezake, baina ez hegoei astinduta bakarrik, zuhaitz-belatzak bezala, goitik bolido baten antzera pikatuan jeisten denean baizik, hegoak itxita.

Saiak sarri ikusten dira Izarraitz eta Samino artean pasatzen, Aitzkorri edo Aralarrerako bidean. 2020ko udazkenean ia ehun sai arre ikusi genituen Abaraxkaren parean dagoen Egurrola gainean, hildako anmaliaren bat ikusiko zutelako seguruasko.

Urte osorako erreserba dutenak aterpetxean: ohiko auzokideak asko dira, eta hauetako dezentek gure etxean edo inguruan bertan ateratzen ditu kumeak:

Beleak, mikak eta eskinosoak, etxe atzeko pikondoaren zale amorratuak;

Okil berdeak, egunero ikusten eta entzuten ditugunak, eta okil handiak, goiko pinudian lanean jo ta ke aritzen direnak, eta okil txiki bat ere bai (askoz gutxiago dagoena eta ikusteko oso zaila dena, baina oso noizbehinka ikus daitekeena haritzondo handien goialdeko adarretan), eta baita geroz eta ugariagoa den okil beltz handia, azken urteotan Kukuerri aldera iritsi den altxorra eta gaixotutako pinuen artean gustora dabilena, tripontzi baten modura. Berri pozgarria da gure bailararentzat. Eraberean, garrapo politt eta akrobata ohiko auzokide bihurtu zaigu eta honek ere kumeak ateratzen ditu hemen.

Txepetxak eta txantxangorriak odsso bereziak dira guretzat, auzokideak baino gehiago familia dira.

– Eta buztangorriak, txonta-arruntak (txinpinak, guretzat), txinboak eta txioak, karnabak, sasitxoriak, arbitxoriak, buztanikarak (txuriak eta horiak), kurloiak, tarinak, burugorriak, txorieder batzuk eta oraindik tarteka ikus daitekeen antzara-xori (buruhandi, Kukuerrin) dotoreren bat. Eta gailupa zoragarriak, ikaragarri gustatzen zaizkigu gailupak.

– Negu hasierako “kuadrilla” da, hala ere, gehien-gehien gustatzen zaiguna, desberdinak izanda ere elkartu egiten direlako janari, segurtasun eta berotasun bila, elkar laguntzeko alegia: kaskabeltzak, amilotxak, buztanluzeak, gerri-txoriak, eta garrapo galduren bat.

– Eta enarak eta beraien lehengusu guztiak, jakina, eta gure lagun minak, katakak (sorbeltzak), apirilaren azken egunetatik uztailaren azken egunetara gure zerua alaituko duten mirari hegodunak. Hauek baino pixka bat lehenago pasatzen dira hemendik argioilar elegante bakan batzuk, beraien tximeleta hegada bereziarekin.

– Esan beharrik ere ez dago zozoek eta birigarroek gure lorategian ateratzen dituztela kumeak. Hor ibiltzen dira zizare, mamorro eta barraskilo bila. Eta kantuan, bizipoza konpartituz. Lerrook azaroaren bukaerako goiz hotz eta euritsu batean ari gara idazten, jantokiaren leihate handiaren ondoko mahaian: bost zozo eta hiru birigarro daude, justu momentu honetan, lorategiko belar artean zizare, barraskilo eta mamorro bila, txantxangorri batekin eta bi txinpinekin batera, eta rokodromo txikiaren ondoan dagoen enbor zaharraren gainean oraintxe bertan gelditu den txepetxa batekin batera.

– Apirilean eta maiatzean, nahiko erraz entzungo duzue kukua hemen. Beraz, badakizue, apirilean bazatozte diru pixka bat ekarri poltsikoan, badaezpada 😉

Urola ibaian zein Kukuerriko Txalon Errekan, koartzak ikusiko dituzue (baita txuriak ere), eta kormoran batzuk, eta ur-oiloak, martin arrantzale harrigarriak eta ur-zozo zoragarriak, ibaien uraren kalitatea neurtzeko dagoen biotoporik onenetarikoa. Ur-zozoek herriko zubi baten inguruan atera dituzte kumeak aurten, eta udaberrian Bide Berdean Aizpurutxo aldera hartzen baduzue, ur-jauzi batean gutxitan ikus daitekeen une berezi hoietako bat ikusteko aukera izan dezakezue, ur-zozo bat ur-kortinaren atzean desagertzen.

Kaio hankamotza gure beste lagun on bat da. Pare bat urte egingo zituen honez gero gure artean, ibaian gora eta behera.

Begirada ere entrenatu egin daiteke, begiratu gabe ezin baita ikusi. Eta ikusteko asko dago Abaraxkan, ondo begiratuz gero.

– Gaueko hegaztien artean ohikoa da urubia entzutea (ikustea ez da hain erraza, baldin eta ez badakizu non gordetzen den egunez). Hontz zuriak ere egon badaude, baina ez lehen bezain beste, zoritxarrez; hala ere, oraindik ikus daitezke, batez ere gertu dagoen jauregi abandonatu baten bueltan. Zatak ere badaude, baina lehen baino gutxiago. Ez da hainbeste aterpetxerako azken aldapatxoan egoten zirela.

Oilagorrak (Basoko Damak) gure bueltan dauden basoetara iristen dira udazkenaren erdian baina, tamalez, inguruko ehiztarien jazarpen sistematikoa jasatzen dute. Gehiagok aterako lituzkete hemen kumeak bake gehiago aurkituko balute, gure mendiak eta basoak egokiak baitira hegazti zoragarri honentzat. Eta ez da asko oilagorraren lehengusu txikia, istingorra, bertako errekatxo batetik altxatzen ikusi genuela.

Basurdeak daude, imajina dezakezuen moduan, gehiegi seguruasko. Orkatzak ere oso gertu ibiltzen dira eta erbiren baten edo besteren arrastoa ikus daiteke elurrak bazterrak zuritzen dituenean. Orkatz pare bat Munoaundin bertan ikusi zituzten ez dela asko, eta beherago ere ibiltzen dira, noizbehinka Abaraxkatik bertatik ikusteko moduan, egunsentian normalean, Txalon errekatik hegoaldera igotzen den zelaian. Azeriak eta lepazuriak ere badaude eta, erbiekin gertatzen den antzera, elurretan erraza da hauen arrastoa ikustea. Eta katagorriak, jakina, baita Loiolako parkean ere.

Eta trikuak eta satanderak (erbinudeak) beste bizilagun zoragarri asko. Baina hauek hurrengo baterako utziko ditugu. Momentu entretenigarri bat eskaintzea zen gure helburua, euri, elur eta hegabera igande honetan. Eta auzoko bizilagunen kontuak zuekin konpartitzea. Dave Bangs naturazale eta botanika-gerrilari britaniarrak esaten duen moduan, “inork ez badu ezagutzen, ez du inork maitatuko, eta inork ez badu maitatzen, inork ez du borroka egingo babesteko”.

Nor gara

Pertsonekin, Ingurumenarekin eta Prozesu Jasangarriekin konprometituak gaude. Eta, batez ere eta beti, emakumeekin, emakume guztiongatik; eta Bizilore Eskola Aktiboko umeengatik, beraientzat baitira aterpetxeko etekinak. Naturari begira dagoen bilgune Goxo bat sortzea da gure helburua, Talde Ekimenak egiteko aproposa. Euskal Herriaren bihotzean, Landetxe izaera duen Aterpetxe bat gara, Donostia eta Bilbo artean eta Loiolako Santutegitik gertu. Eta, Bikefriendly Kalitate Ziurtagiria izanda, Zikloturistak hartzeko espezializatua.

Galeria

Hauek dira gure ostatua eta inguruko paisaia erakusteko aukeratu ditugun argazkietako batzuk.

Sareetan

¡Gracias por confiar en Abaraxka, amigos! Todo un reto (¡y una oportunidad!) mañana para el Equipo Tenerife BikePoint...

Publicada por Abaraxka Azkoitia Hostel en Sábado, 10 de abril de 2021